AMUA Alejo Orbegozo (KE LEPO) musikari eta ekoizlearen bigarren bakarkako diskoa da eta Dabadabak kudeatzen duen Elsa Records zigiluaren bidez kaleratu du.
IZPI (Forbidden Colours, 2023) lehenengo lanaren jarraipen artistiko gisa uler daiteke, bertako atmosfera intimo eta sentsorialari eutsiz sortutako lana baita.
Konposatzeko modua aurreko lanean erabilitakoaren antzekoa izan bada ere, instrumentu gehiago erabili ditu oraingoan. Abestiak garatuago daude eta, zuzenekoetan gertatu ohi den moduan, zazpi edo zortzi minutuko luzera izan dezakete zenbaitetan.
Gainera, pantailako edizioak baino leku handiagoa hartu du jammingak -katxarroen eta artistaren arteko harremanak, bilaketak, inprobisazioak- eta sekuentzia eta erritmo-bukle infinituei zukua ateratzen saiatu da. Horrek elektronika diskoetan lortu ohi den perfekzio-maila lortzea zaildu badu ere, bat-batekotasuna eta nolabaiteko inkontzientzia abestietan erregistratzea ahalbidetu du, benetakotasunaren eta gertutasunaren mesedetan.
IZPI diskoan erabilitako ahotsen bat entzun daiteke proposamen berri honetan. Testura eta melodiak Roland JUNO-106, Moog Muse eta sintetizadore modularrarekin sortu ditu eta, aurreko lanean ez bezala, sintetizadore birtualez ere baliatu da zenbait unetan.
Ostera, Abletonen marraztutako beat-ak ere agertzen dira tarteka, baina erritmo nagusiak Perkons HD01 eta Korg ER1ekin sortu ditu.
Presio emozionalean sakontzea izan da helburuetako bat eta, horretarako, ambient abestiak bpm altuetan kokatu ditu, emaitza intentsoagoak lortuz.
Intentzioa? Melodia edo erritmo markatu batekin hasi eta bestelako paisaietara iristea.
Metodologia? Erritmo horiek testuinguru jakin batean kokatu, forma eman eta zentzua bilatzea; zentzurik topatzekotan, garatzen jarraitzeko.
Esan daiteke, orohar, atmosfera hotzak eta ilunak gailentzen direla artista zestoarraren bigarren lan honetan. Zuzenekoak emateari utzi ez dionez, sesio horien guztien energia estudiora eraman eta barruak hustu eta iraganeko konposizioak zerotik hasteko aukera baliatu baitu. Hasiera batean 8 abestiz osatutako diskoa ateratzeko helburua bazuen ere, hiru urteotan eskainitako emanaldietan agertzen joan diren ideiak erreskatatu eta horiek ere diskoan sartzea erabaki du; 15 abestidun bilduma osatu arte.
IZPI diskoan goizeko argi printzak eta lanbroa irudikatu zituen Orbegozok. AMUAn lanbro beraren ererpresentazioarekin jarraitu du, baina leku ilunago eta hotzago batean zabaldu da, zuzenekoen energiak kutsatuta. Malenkoniak eta iluntasunak melodia argitsuekin talkan jarri ditu, apurtututako erritmoak baliatu ditu, koherentzia bilatu du itxurazko kaos horretan.
Amu bat bota dio entzuleari noraezean galtzeko, askatzeko; elektronika-gau bateko azken abestia bezala.
Utilizamos cookies para ofrecerle una mejor experiencia de usuario en este sitio web.Política de Cookies